Erraustegiaz itaunduko dute gaur foru gobernua Batzar Nagusietan

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 7a, 07:01

Zubietako erraustegiaren ingurumen baimenari buruz galdetuko dio EHBilduk Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko jasangarritasun arloko foru-diputatuari, Batzar Nagusietan egitekoa duten osoko bilkuran.

Hilero lehen asteazkenetan egin ohi duten moduan, osoko bilkuran elkartuko dira gipuzkoarron ordezkari politikoak Donostian egoitza duten Batzar Nagusietan. Gaur goizeko 9:30etan hasiko den saioan, bederatzi puntuko gai-zerrendan azkena, Zubietako erraustegiari buruzkoa izango da; "osoko bilkuran ahoz erantzuteko galdera". Izan ere, azpiegitura honi emandako baimenari buruz galdetu asmo dio EHBilduk foru-gobernuari, Gipuzkoako Foru Aldundiko jasangarritasun arloko buru den Jose Ignacio Asensio foru-diputatuari.

EHBilduk "galdera osoko bilkuran izatea" eskatu du, "gaiaren garrantzia kontuan hartuta, batzarkide guztiek entzutea garrantzitsua iruditzen baitzaigu".

Honako galdera egingo dio EHBilduk Asensiori: "Zein iritzi du Jasangarritasun diputatuak EAEko Auzitegi Nagusiak Zubietako erraustegiaren ingurumen baimenaren legezkotasuna aztertzearen inguruan?".

Galdera hau egitearen nondik norako gehiago ere eman ditu koalizio abertzaleak. "2025eko martxoaren 28an espainiar estatuko Konstituzio-Auzitegiak epaia argitaratu zuen, non ebatzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak GuraSOS elkartearen babes judizialerako eskubidea urratu zuela, ez baitzion zilegitasunik aitortu erraustegiaren ingurumen baimenaren kontra helegite bat aurkezteko. Beraz, helegite horren eskaera aintzat hartuta, auziaren muinaz ebatzi beharko du EAEko Auzitegi Nagusiak, alegia, Zubietako erraustegiaren ingurumen baimena legezkoa den ala ez".

Osoko bilkura zuzenean ikusi ahalko duzue, esteka  honen bidez: Gipuzkoako Batzar Nagusiak


Espainiako Konstituzio Auzitegiak arrazoia eman zion GuraSOS elkarteari
Gipuzkoako Batzar Nagusietako gaurko osoko bilkuran hizpide izango duten gai hori, erabat lotua dago martxoa amaieran GuraSOS elkarteak Donostian egin zuen azken agerraldiarekin. Bertan, Espainiako Konstituzio Auzitegiak GuraSOS elkarteari arrazoia eman ziola jakinarazi zuen aipatu elkarteak. "Auzitegi Konstituzionalak argi dio, GuraSOS seme-alaben osasuna, ingurumena eta gizartea orohar defendatzen ari da legitimoki".

Modu horretan, aurrerapauso garrantzitsutzat jo zuen albistea GuraSOSek "auzo elkarteen eta talde ekologisten ekimenerako". Espainiako Konstituzio Auzitegiak arrazoia eman zien, Zubietako erraustegiaren ingurumen baimen bateratuari dagokion auzian. "Auzitegi Konstituzionalak argi dio, GuraSOS seme-alaben osasuna, ingurumena eta gizartea orohar defendatzen ari da legitimoki".

Zehazkiago esanda, auzitegi horretako bigarren aretoak "aho batez bermatutako epaian, GuraSOS babesten du Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa (GHK) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justiziaren aurrean (EAEJAN). aipatutako justiziaren legitimitatea defendatuz Zubietako erraustegiari dagokionez, Justiziara jotzeko legitimitate osoa emanez Ingurumen gaiekiko Gurasoen Elkarteari".

Auzitegi horren arabera, GuraSOSek tutoretza legal eraginkorrerako duen eskubidea urratu zen, jurisdikziorako sarbiderako duen eskubidea hain zuzen. Epai horrek 2021eko martxoaren 29an Euskadiko Auzitegi Gorenak kaleraturiko epaia baliogabetu zuen "eta jarduketen atzeraeragina egitera eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa izapidetzeko onartzera behartzen du GuraSOSek Zubietako erraustegiari Ingurumen Baimen Bateratua (IBB) ematearen aurka 2016an aurkeztutako epaian".

Ondorioz, epai horren arabera, GuraSOSek Zubietako erraustegia martxan egotea ahalbidetzen duen Ingurumen Baimen Bateratuari (IBB) lotuta aurkezturiko helegitea izapidetzea onartu beharko du Euskadiko Auzitegi Gorenak.

"Errekurtsoa duela bederatzi urteko gertaeretatik dator, eta gaur egun erraustegiaren funtzionamendua legeztatzen duen IBBri eragiten dio. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak har dezakeen erabakiari buruzko ziurgabetasunak daude, hau da, erraustegiak jarduten duen IBBa legezkotzat edo legez kanpokotzat jotzen duen". GuraSOSek ohartarazi duenez, legez kanpokotzat joz gero, "Zubietako hondakinak tratatzeko plantaren jarraipena jokoan egongo litzateke".

Martxoaren 31n atari honetan bertan kaleratu genuen albistea, esteka honetan irakur dezakezue osorik: "Espainiako Konstituzio Auzitegiak arrazoia eman dio GuraSOS elkarteari"

OSZAR »