"Usurbilgo hiritarrei eskaintzen diegun zerbitzua hobetuko dugu"

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 14a, 12:58

"Usurbilgo hiritarrei eskaintzen diegun zerbitzua hobetuko dugu geltoki modernoago batekin", iragarri du Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Jasangarriko sailburu Susana Garcia Chuecak, Usurbilgo tren-geltoki berriaren eraikuntza lanetara asteazken goiz honetan eginiko bisitan.

Tren-geltoki berriko lanak zertan diren hurbiletik ikusten izan da asteazken goiz honetan, maiatzaren 14an, Eusko Jaurlaritzaren eta Usurbilgo Udalaren ordezkaritza bana. Bisitaren amaieran, egitasmoari buruzko hainbat xehetasun eskaini ditu Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Jasangarriko sailburu Susana Garcia Chuecak. Lanak "martxa onean" doazela ziurtatu du eta beranduenez jota, urte amaierarako edota 2026a hasi eta gutxira funtzionamenduan izango dela Usurbilgo tren-geltoki berria.

"Usurbilgo hiritarrei eskaintzen diegun zerbitzua hobetuko dugu geltoki modernoago batekin. Segurtasuna hobetuko dugu, hiru trenbide pasagune kenduz. Geltokiaren barneko eta kanpoko irisgarritasuna hobetuko dugu, herrigunearen eta geltokiaren arteko lotura hobetuko dugu".

Sailburuaren esanetan, "geltoki zahar batetik bidaiarien egungo beharretara egokituko den eta herriaren bihotzera ehun metro inguru gerturatuko den eraikin batera igaroko gara. Geltokia bera, bere arkitekturarekin, trenbidearen eta katenariaren gainean egongo da. Gainera, errepidearen gainetik sortuko dugun igarobideari esker, Usurbilgo barne mugikortasuna erraztuko dugu".

Izan ere, argi zioenez, "ez dugu nahi herriak lotu eta herrialdea kohesionatzeko baliatutako trenbideek lubakiak eragitea gure herri eta hiri barruetan".

Pasabide arriskutsuak ezabatzea lehentasun
Horregatik, mugikortasuna erraztuko da zonalde honetan. "Eraikin modernoagoa izango da baina berrikuntza hau askoz haratago doa. Izan ere, segurtasunaz eta irisgarritasunaz hitz egiten ari gara. Lanokin, hiru pasabide ezabatuko dira". Arriskutsuak diren pasabideok ezabatzea Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna dela nabarmendu du Garcia Chuecak. "2019-24 urte artean, Eusko Trenbide Sareak (ETS) mota honetako hamalau azpiegitura ezabatu ditu". Egun, beste sei ezabatzeko lanetan ari dira.

Hobekuntza gehiago ere ekarriko dituzte lanok. Izan ere, ikuspegia zabalduta, sailburuak nabarmendu duenez, Donostialdean eginiko hobekuntzez gain, inflexio puntutzat jo du Aginagako tunela eta trenbidea bikoizteko abiatu berri dituzten obrak. Horrek Orio eta Usurbil artean bi minutu murriztuko ditu joan-etorriak eta tren zerbitzuen maiztasuna orduerdirokoa izatetik ordu laurdenerokoa izatera igaroko da Donostia eta Zarautz artean.

Garcia Chuecak eskerrak eman nahi izan dizkie Eusko Trenbide Sareari eta enpresa eraikitzaileei egiten ari diren lanarengatik.

 
 
 
 
OSZAR »